Janari bilketa solidarioan 400 kilo elikagai batu dituzte

Anboto 2014ko urt. 8a, 14:00

Atxondoko gaztetxeak lehenengo bider antolatu du, aurten, beharrean daudenei laguntzeko elikagai bilketa solidarioa, eta 400 kilo elikagai batu dituzte herritarren parte hartze eta borondateari esker.

Mota guztietako elikagaiak batu dituzte: kontserbak, olioa, esnea eta gailetak, esaterako. Dagoeneko janari hori guztia Bizkaiko Elikagai Bankuaren biltegietan dago.

Ekimenaren balantze positiboa egin du gaztetxeko asanbladako kide Kike Bilbaok: "Herritarren erantzuna oso ona izan da, espero genuena baino handiagoa, eta ekimenaren balorazioa oso positiboa da".

Aurten batutako dena Bizkaiko Elikagai Bankura bideratu dute, baina baliteke datorren urtean jomuga Atxondon beharrizanean daudenak izatea. Beste herri batzuetan egiten duten legez, herrian batutako elikagiak herritarren beharrizanak asetzera bideratu gurako lituzkete. Ekimenaren balorazioa egiteko batzarrean jorratuko dute asmo hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!