Asiako liztorren erlauntza bat aurkitu dute Arrazolan

Anboto 2013ko aza. 26a, 17:25

Asiako liztorrak erlezainen etsairik handiena dira erleak jan egiten dizkietelako. Atxondoko Arrazola auzoan liztor mota horretako erlauntza bat aurkitu dute. Su-hiltzaileei abisua eman eta gaur bertan kentzeko asmoa dute. Adituek diote, negua gertu dagoenez erlauntza hutsik egongo dela eta abisua ahalik arinen ematearen garrantzia azpimarratu dute.

Asiako liztorrak erlezainen etsairik handiena dira erleak jan egiten dizkietelako. Atxondoko Arrazola auzoan liztor mota horretako erlauntza bat aurkitu dute. Su-hiltzaileei abisua eman eta gaur bertan kentzeko asmoa dute. Adituek diote, negua gertu dagoenez erlauntza hutsik egongo dela eta abisua ahalik arinen ematearen garrantzia azpimarratu dute.

 

Arrazolan, pilotaleku eta Erlaunpe elkarterantz doan errepideko aldapan ezkerretara, zuhaitz baten goialdean, Asiako liztorren erlauntza bat dago. Asteburuan jabetu ziren han zegoela eta su-hiltzaileei kentzeko abisua eman diete. Su-hiltzaileek gaur arratsaldean joateko asmoa dute erlauntza kentzera.

 

Asiako liztorrak erlezainen amesgaiztoa dira,erlauntzetako erleak jaten dituztelako: “Harrapakin erraza dira. Liztorrak erleak baino handiagoak dira eta erlauntza batera hurreratuz gero, bata bestearen atzean jaten dituzte”, adierazi dute Bizkaiko Erlezaintza Elkarteko ordezkariek.

 

Arrazolako erlauntza maiatz inguruan egindakoa dela kalkulatu dute. Bizkaian iaz baino horrelako erlauntza gutxiago aurkitu dituzte aurten, udaberri euritsua egin duelako eta hainbat erregina hil (baita erleenak ere) egin direlako. Negua gertu dagoenez, Asiako liztorren erlauntza hutsik egongo dela diote, liztorrak dagoeneko hilko zirela eta erregina ezkutatuta egongo dela udaberria heltzeko zain. Gipuzkoan eragiten duten kaltea Bizkaikoa baino handiagoa da oraingoz, baina hiru-lau urtean Gipuzkoaren mailara heltzeko arriskua dago Bizkaiko Erlezaintza Elkarteko ordezkarien esanetan. Horregatik, Asiako liztorren erlauntza bat ikusiz gero, Aldundiko Base Gorrira (basozainen zentroa)  abisua ahalik arinen emateko eskatu dute: 94 446 52 97.

 

Arrazolakoa ez ei da erlauntza handietakoa: asko jota 4.000 bat liztor inguru izango zituela uste dute. Aurten Arratzun eta iaz Lemoan 12.000 liztor inguruko erlauntzak aurkitu zituztela azaldu dute.

 

\"\"

 

 

 

 

 

 

 

 

\"\"

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!