Durangon lez, Atxondon ere etxe bat okupatu dute

Anboto 2013ko aza. 8a, 14:40

Durangoko Salesen okupaziotik hilabetera, Atxondoko Barraski inguruan etxe bat okupatu dute. Proiektuari Barraskilore izena ipini diote, eta ekintza \"gardena, publikoa eta baketsua\" dela adierazi dute

\"\"Durangoko Salesen okupaziotik hilabetera, Atxondoko Barraski inguruan etxe bat okupatu dute. Proiektuari Barraskilore izena ipini diote, eta ekintza "gardena, publikoa eta baketsua" dela adierazi dute.

 

80ko hamarkadaren amaieran, Elorrioko Gaztetxearen okupazioak hazi bat erein zuen, eta 90eko hamarkada bukatzear zela ia Durangalde osoan loratu zen. Etxe hutsen ateak domino fitxak lez jausi ziren bata bestearen atzetik. Gaur egun, okupazioa berriro hedatzen dabil, baina zentzu desberdinagaz. Aisialdirako alternatiba izatetik, bizimodurako irtenbide izatera pasa da. Egoerak eta beharrizanak bultzatuta, bizitzeko edo proiektuak garatzeko okupatu dituzte Durangoko Salesen komentua eta Atxondoko Barraskiko etxe bloke bat. Mugimendu sozial autonomoa da.

 

Barraskilore izena ipini diote Atxondoko proiektuari. Joan zen zapatuan okupatu zuten. “Ekintza gardena, publikoa eta baketsua da”, esan dute. Ingurune horretan bost etxe bloke eraikitzea aurreikusi zuten. Eraikuntza hasi zen, baina etenak eta gorabeherak izan ditu. Guztiz amaituta dagoen bloke bat okupatu dute; beste bat erdi eraikita dago. Esan dute promotoreak hanka egin duela herrian zorrak utzita, eta orain atzean dauden bankuak banku txarra-ren barruan daudela. Beraz, eraikitzeko egitasmoa blokeatuta dago. Etxeen egoeraren berri izateko, udalera gerturatu dira okupatzaileak. “Atxondoko herritarrok urte asko daramatzagu Barraskiko blokeen degradazioa ikusten. Eta bitartean familiaren etxetik ezin irten gabiltza, gaur egun bizi ditugun lan eta giza egoeren ondorio”. Etxebizitza arazoari irtenbidea bilatu, eta eztabaida piztu gura dute.

 

Blokean lau etxebizitza daude laster bizitzen sartzeko moduan. Jende gehiagok beharra edukiz gero, okupazioa hedatuko dute: “Auzotar guztiek etxebizitza duina izateko aukera izango dugun espazio kolektibo bat sortu nahi dugu”. Beheko lokal bat ere hartu dute, eta herriarentzat zelan zabaldu aztertzen dabiltza: aisialdirako, kontsumo taldeentzat... Astero asanblada egin, eta bertan hartuko dituzte erabakiak.

 

\"\"

 

Salesetan, ilusioagaz

Urri hasieran Durangoko Salesen komentu zaharra okupatu zuen lagun talde batek. Egoera gaitzak elkartu eta eroan zituen okupaziora. Bizitzeko eta ekimenak garatzeko asmoa daukate. Herriko hainbat lagunek interesa agertu dutela esan du kide batek, eta jasotako laguntza eskertu gura izan du. Eraikinaren jabeak salatu egin zituen, eta joan zen astean hogei lagun identifikatu zituen Ertzaintzak. Baina, jabeagaz hartuemanetan segitzen dute, eta lan egiteko ilusioagaz daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!