Herriko ekoizleei laguntzeko azokako postuen tasa kendu dute

Anboto 2013ko aza. 6a, 09:46

Orain arte astean ia zortzi euroko tasa kobratzen zuten postuak jartzeagatik

Orain arte astean ia zortzi euroko tasa kobratzen zuten postuak jartzeagatik.

 

Orain aste bi datorren urtera begirako ordenantzak aho batez onartu zituzten Bilduk eta EAJ alderdiak. 2014ra begira onartutako aldaketen artean bada bat herriko baserritarrak eta ekoizleak laguntzea helburu duena. Udaletxe azpiko arkupean astelehenero (goizetik eguerdira) egiten den ortuarien azokan postuak ipintzeko kobratzen zuten tasa kentzea erabaki dute.

 

Aurten arte postu bat bakarrik jartzen zen, eta bera herritik kanpoko ekoizle batek kudeatzen zuen. Baina, aurten atxondar batek postua ipintzeko eskaria egin du (askotariko produktu ekologikoekin) eta udalak eskaria onartu ostean, orain postu bi egoten dira azokan. Orain arte, asteko ia zortzi euro kobratzen zuten postuak ipintzeagatik, eta tasa hori kendu egin dute: “Herriko baserritar eta ekoizleak sustatzea garrantzitsua dela uste dugu. Ortuariak prestatu, postua ipini eta gainera irabaziak atera aurretik tasa bat ordaindu beharra ez zitzaigun justua iruditzen”, dio Rosa Elizburu alkateak.

 

Beraz, ez dute tasa hori ordainduko ez herritarrek, eta ez kanpokoek. Erabakia hartu aurretik, inguruko herrietako egoera aztertu zuten, eta herritarrei ez zietela tasarik kobratzen ikusi zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!