Marixurrikek Udazken Jaia antolatu du zapaturako

Anboto 2013ko urr. 24a, 09:41

Mendi irteera, jolasak, antzerkia eta musika kontzertuak egongo dira, besteak beste.

Mendi irteera, jolasak, antzerkia eta musika kontzertuak egongo dira, besteak beste.

 

Marixurrike aisialdi taldeak Atxondoko I. Udazken Jaia antolatu du zapatu honetarako. Mendi irteera bategaz ekingo diote egitarauari: 09:00etan, 10 urtetik gorakoekin Artolara irteera egingo dute. Asuntze mendi taldeak antolatu du ekimen hori.

 

Ondoren, 12:00etan, 2-5 urte artekoentzako jolasak egingo dituzte eta 6-10 urte artekoak herriko txokoren batean ezkutatuta dagoen altxorraren bila ibiliko dira. Hainbeste ariketa egin ostean, 14:30ean, bazkari herrikoian batuko dira arratsaldeko ekimenei begira indarberritzeko. Txartelak Gaztetxean daude salgai (nork bere platerak, edalontziak… ekarri beharko ditu bazkarira).

 

Arratsaldeko 16:00etan antzerki saio bat izango da ikusgai eta ondoren gazteentzako akrobazia saioak egongo dira. Udazken Jaiari amaiera emateko, 20:00etan, herriko gaztetxoek kontzertuak eskainiko dituzte Gaztetxean.

 

Egun guztian zehar Marixurrikeko kamisetak salgai egongo dira eta sorpresa ugari ere prestatu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!