Tasa gehienak berdin mantenduko dituzte

Anboto 2013ko urr. 23a, 13:43

Aldaketa esanguratsu bi bakarrik egongo dira aurtengo tasetan: OHZ eta igerilekuen sarrerak

Aldaketa esanguratsu bi bakarrik egongo dira aurtengo tasetan: OHZ eta igerilekuen sarrerak.

 

Udal tasa gehienak bere horretan mantenduko ditu Atxondoko Udalak 2014rako. Aldaketa esanguratsu bi egongo dira bakarrik: bata, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ), eta bestea, igerilekuko sarreretan. Aho batez onartu zuten asteleheneko udalbatzarrean gobernu taldearen proposamena.

 

OHZren neurria 0,95era igoko dute. Rosa Elizburu alkateak (Bildu) azaldu zuen 2012an tasa horren inguruko hausnarketa egin zutela, hainbat urtetan 0,70ean egon zelako, mugitu barik. Orduan 0,95era igotzea proposatu zuten, etxe hutsen jabeei zigorra ezarri asmoz. Tasa horren %50 gainerakoei bueltatzea gura zuten, baina foru arauak ez zien utzi.

 

Horregatik, iaz 0,45ekoa ezarri zuten, konpentsazio lez. Aurten, 0,95era igoko dute 2012ko asmoa berrartuta. EAJk galdetu zuen ea beharrezkoa ote zen igoera hori, ordainduko dutenak herritarrak izango direla argudiatuta. Horren aurrean, Elizburuk erantzun zuen “herria denen artean egin” behar dela: “Ez balego diru iturririk, ez litzateke egongo gestio handirik egiteko aukerarik”. Kritikatu arren, jeltzaleek onartu egin zuten tasa berria.

 

Igerilekuetan, sarrera gora

Igerilekuetan eguneko sarrerak igoko dituzte, baina abonuak ez. Sarrera %10 igotzea erabaki dute. Eguneko txartelak 4 euro balio bazuen, aurten 4,4 izango da. Alkateak esan zuen igerilekua defizitarioa dela, eta zorra urtero jaisten joan arren, defizitarioa izaten segituko duela. Oraindik ez dakite aurtengo zorraren kopurua, uraren faktura abenduan helduko da-eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!