Mikologia erakusketa egingo dute urriaren 20an, frontoian

Anboto 2013ko urr. 13a, 11:10

Aurreko egunean mendian aurkitutako perretxikoak erakutsiko dituzte

Aurreko egunean mendian aurkitutako perretxikoak erakutsiko dituzte.

 

Atxondoko mikologia taldeak eta Elorrioko Iturrizoro elkartearteak mikologia erakusketa bat antolatuko dute urriaren 20an, domekan, Apatako pilotalekuan. Aurreko egunean batutako aleekin osatuko dute erakusketa. Aurten 23. ekitaldia antolatuko dute. Urte batean Elorrion, eta hurrengo urtean Atxondon atontzen dute perretxikoen erakusketa. Horrela, otzara hutsak hartu, eta zapatuan Oleta ingurura joango dira perretxiko eta onddo bila. Autobusak 08:00etan irtengo du Elorrioko probaleku zaharretik, eta 08:15ean Atxondoko frontoi parean zain daudenak jasoko ditu. Goiza Oletako basoak arakatzen eman ondoren, eguerdian itzuliko dira Apatara.

 

Gero, perretxikoak eta onddoak sailkatu egingo dituzte, eta taldeka mahaietan jarriko dituzte. Gura duenak bertara eraman ditzake batutako perretxiko eta onddoak, mikologia taldekoek aztertu eta sailkatu ditzaten. Ondoren, mikologia egunari amaiera emateko, onddo eta perretxikoak sukaldatu, eta dastagai ipiniko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!