Asteazken goizaldean, Ertzaintzak Artia industriaguneko enpresa batean lapurretan ari zirela-eta, abisua jaso zuen. Ertzaintzak azaldu duenez, Abadiñoko Trañapadura kalean 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten furgonetan enpresa hartako ordenagailuak zeramatzala.
Atxondora zihoazela, furgoneta bat semaforoa gorri zegoela aurrera zihoala ikusi zuten agenteek. Ibilgailura gerturatu ziren, baina barruan zihoazenek ez-entzunarena egin zutela dio Ertzaintzak. Furgoneta jarraitu zuten eta Abadiñoko Trañapadura kalean ibilgailua gelditu egin zen eta bidiariek ihes egin zuten. Agenteek 34 urteko gizonezkoa harrapatu zuten eta atxilotuta eraman zuten. Gaineratu dutenez, ibilgailuaren barruan, lapurtu nahi zuten enpresari buruzko dokumentazioa, motozerra bat, ordenagailuak eta sarrailak apurtzeko materiala aurkitu zituzten. Motozerra, goiz hartan bertan ondoko etxola batean lapurtu ziotela esan zuen gizonari itzuli zioten. Enpresako atzealdeko ate bat apurtuta eta barrua nahastuta aurkitu zuten.