Anbotoko Dama jubilatuen elkarteak antolatu du irteera; Pozalagua koba ere bisitatuko dute.
Anbotoko Dama jubilatuen elkarteak Karrantzara irteera antolatu du irailaren 21erako. Goizean Pozalagua kobazulo ezagunera joango dira. Txangoan parte hartu gura duenak irailaren 16a baino lehen eman behar du izena jubilatuen elkartean bertan. Bazkide direnentzako 25 euro izango da, eta bazkide ez direnentzako 28 euro. Autobusa 08:15ean irtengo da Arrazolatik; bost minutu geroago Axpetik eta 08:30 inguruan Apatatik.
Pozalagua kobazuloa Armañongo parke naturalean kokatuta dago. Kobazuloak ezagunak dira bertako barrunbe batean (Versalles izenekoa) dagoen estalaktita exzentriko kopuruagatik. Exzentrikoak urak milaka urtetan sortu dituen irudi bitxi eta bereziak dira, oso ikusgarriak.
Eguerdian Garras jatetxean bazkalduko dute eta, ondoren, Atxondora bueltatu aurretik, arratsaldea Laredon emango dute.