Urteroko ohitura da Larranora joan eta makilarik onena daroana saritzea.
Axpeko Jai Batzordeak Larranoko Santa Barbara ermitarako errogatiba antolatu zuen joan zen zapatuan. Mezaren ostean, Urkiolara jaitsi ziren, bazkaltzera.
200 urte inguru dira urtea joan, urtea etorri errogatiba antolatzen dutena. Bertan makila onenarekin joan dena saritzeko ohitura dute. Aurten, Juan Ramon Iriondok irabazi zuen makilarik onenaren saria, eta berari jantzi zioten txapela. Baina makilak egiteak ez ezik, erabiltzen jakiteak ere badu bere meritua. Horregatik beste alderdi bi ere saritu zituzten. Lehenengoan, makilagaz oinez ibiltzen posturarik egokiena duena saritu zuten: Juanjo Baseta. Makilagaz zutunik eta geldi posturarik onenari dagokion saria, ostera, Gorka Gorostizari eman zioten.