Kooperatiba bidezko bizileku proiektuari berriz ekin diote

Anboto 2013ko uzt. 5a, 08:50

Irailean zerrenda osatu gura dute interesdunekin

Irailean zerrenda osatu gura dute interesdunekin.

 

Arraindegia dagoen eraikinaren atzeko landan, kooperatiba ereduaren bidez zortzi etxebizitza eraiki eta kudeatzeko asmoa abiatu zuen iaz udalak. Proiektua egina dago, eta berau ezagutara eman eta herritarren interesa jakiteko batzarra deitu zuten. Harrezkero, kooperatiben ereduko hainbat aditu, elkarte eta abokaturekin batu dira sistema horren gaineko jakintza aregotzeko.

 

Orain, berriro ekin diote asmoari. Martitzenean herri batzarra deitu zuten, orain urtebete emandako azalpenak errepikatu eta herritarren interesa zein den ikusteko. Hainbat herritar batu ziren; “batzuk iazkoak eta beste batzuk berriak”, berbaldia eskaini zuen David Cobosen arabera: “Antza, badago interesa. Jakina, ez da bost minutuan hartzen den erabakia, baina ezezko borobilik ez genuen jaso”.

 

Beraz, asmoarekin aurrera jarraituko dute. Interesdun denekin zerrenda bat osatu gura dute, eta horretarako izena emateko epea irekiko dute irailean udaletxean. Ondoren, izena eman duten guztietatik nortzuk eta zelan aukeratu (puntuaketa bidez…) erabakiko dute: “Helburua premia handiena dutenei ematea da”. Horren ostean, beste batzar bat deituko lukete testigua eta ardurak aukeratutako kooperatibistei pasatzeko.

 

Etxebizitza horien proiektua egina dago. Zortzi dira, bi eta hiru logelakoak, garaje eta trastelekuagaz. Lurra udalarena denez, espekulazioa saihestuko litzateke. Kooperatibisten esku geratuko litzateke proiektua gauzatzea zein egunean eguneko ondorengo kudeaketa. Etxebizitzak koperatibarenak izango lirateke, eta bizilagun bakoitzak etxebizitzen erabilera eskubidea izango luke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!