2013ko urtarrilean, otsailean eta martxoan udalak izandako gastuen eta diru sarreren berri eman zuen Gobernu Taldeak atzoko udalbatzarrean.
Atzo hasi eta aurrerantzean, hiru hiletik hiru hilera, Gobernu Taldeak (Bildu) udaleko kontuen berri emango du udalbatzarrean. Denbora tarte horretan izandako sarrerak eta gastuak azalduko ditu eta urte hasieran aurreikusitako kopuruekin alderatuko dute. Rosa Elizburu alkatearen esanetan alde batetik “herritarrei zein beste alderdiei udaleko kudeaketaren berri eman gura diegu eta euren iritzia emateko aukera eskaini”. Bestetik, Espainiako Gobernuak udalei gehienezko gastua ezarri dienez, kontuak “egunean egunean eraman eta aurreikuspenen barruan gauden ikusteko ere balio digu”. Bigarren hiruhilekoa ere amaitzear dagoenez, uztailaren amaierako udaltzarrean apiril, maiatz eta ekaineko kontuen berri emateko asmoa dute.
Oraingoz diru sarrerak espero zirenak baino handiagoak dira eta gastuak aldiz txikiagoak. Diru sarrerei dagokionez aurtengo urte osoan 1.628.322 euro jasotzea aurreikusita dago; horren laurdena, lehen hiruhilekoari dagokiona, 408.081 litzateke eta 521.584 euro batu dituzte; espero zena baino 113.503 euro gehiago. Horren arrazoi nagusietako bat Ondasun higiezinen gaineko zergan dago. Iaz zerga hori igo egin zuten eta aurten ari dira diru hori jasotzen. Hori bai, iaz egindako akats baten ondorioz, diru bat bueltatu egin behar diete herritarrei. Hori aurten egingo dute eta datorren urteko kontuetan igarriko da. Bestalde, obren lizentziekin ere espero baino gehiago jaso dute: urte osoan 27.000 euro jasotzea espero zuten eta dagoeneko 45.494 euro jaso dituzte; besteak beste, diru zati bat Fuchosako pabiloia erre zenean, hura berriro eraikitzeko obra lizentziatik dator.
Gastuei dagokionez, lehen hiru hilabeteko gastua 324.979 eurokoa izan da, 408.000 eurokoa izatea aurreikusita zegoenean.