Oso ahul egotetik asteroko batzarretan 25 bat lagun batzera igaro da Gazte Asanblada.
Etorkizunari itxaropentsu begiratzen dio gaztetxeko Gazte Asanbladak. Oso ahul egotetik egueztenero egiten dituzten batzarretara 25 bat lagun batzera pasatu dira: “Jende berria sartu da, edo aspaldian utzita zuena. Dinamika bat hartu dugu, eta jendea gogotsu ikusten dugu”, adierazi du Ainhoa Kaltzakorta gaztetxeko kideak.
Biziberritze prozesu hori Gazte Asanbladan zeuden kideen ahaleginaren ondorioa da; hain zuen, Berpizte Eguna antolatu zuten orain aste batzuk helburu horrexegaz: “Afaritara 70 lagun batu ziren eta kontzertuetan ere jendea egon zen. Balorazio positiboa egin dugu”. Oraingoz, barne funtzionamendua antolatzeko erabili dituzte batzarrok, baina jaietara begirako ekitaldiak prestatzen ere badabiltza. Gainera, eguen iluntzetan bideo emanaldiak egiten hasi dira.