Arrazolan hasi eta amaituta, inguruko mendien eta belardien paisajeak agertuko dira ibilbide osoan zehar.
Arrazolan hasi eta amaituta, ibilbide ederra egin ahal da Anboton zehar. Inguruko mendien eta belardien ikuspegiak agertuko dira ibilbide osoan. Momentu batzuetan lan teknikoa eskatzen du, baina gura izanez gero, bide alternatiboren bat ere hartu daiteke.
Arrazolan, kanposantutik gora jo beharko du, lehenengo, mendizaleak. Pista nagusia hartu eta Larranorako norabidean igoko ditu aldatsak; ondo markatuta dago bidea. Hemen, Alluitz mendiaren ikuspegiaz gozatu ahal izango du, esaterako. 956 metrotan topatuko du Larrano, atseden hartu eta Durangaldeko paisajeaz disfrutatzeko leku paregabea.
Larranon bertan, Anbotora ailegatzeko aukera bi edukiko ditu ibiltariak. Zuzenena, gailurrrik gailur, mendi puntaren ertzetik joatekoa da. Besteak beste, Kurutzeta eta Elgoin tontorrak zeharkatu beharko ditu mendizaleak. Bigarren aukera, Larranotik Pol-Pol edo Asuntzeko zabalgunera jaitsi eta handik Anbotoren magalera arte joatea da.
Anbotoko igoera izango da hurrengo pausoa. Durangaldeko eta Euskal Herriko mendirik maitatuena da, zaindari mitologikoa. Hortik Zabalandira jaistea eskatzen du ibilbideak. Jaitsiera ikusgarria da; harrian hasi eta apurka-apurka belarra agertzen joango da. Zabalandira ailegatzean, Arrazolara joateko seinalea dago bertan. Anbotoko hormen albotik egongo da etxerako bidea.