Iaz ez bezala, aurten denboraldiagaz batera eta ezelako arazo barik zabalduko dituzte Apatako igerilekuak ekainaren 15ean.
Iazko denboraldia amaitu eta uraren zirkulazioa geratu zutenean, handik egun batzuetara igerilekuak ur apur bat galtzen zuela ohartu ziren. Ondorioz, udaleko brigadako langileak ur-ihesa non gertatzen zen aztertu zuten, eta hainbat egunean ibili dira aurkitutako zulo txikiak estaltzen. Dagoeneko amaitu dituzte lan horiek, eta egun batzuetan igerilekua urez beteta utzi ondoren, ez duela ur-ihesik ikusi dute.
Beraz, denboraldia hasteagaz batera zabalduko dituzte. Azken egunetan, bestelako hainbat lan egiten ibili dira igerileku inguruan; esaterako, igerileku ondoko belarra moztu eta erabilgarri ipini dute brigadako langileek.