Gobernu taldearen aldeko botoekin 2013ko aurrekontuak onartu zituzten atzo Atxondon.
EAJk ezezkoa botoa eman zuen: “Hainbat diru atal daude ikutzeko moduan, hau da, gutxitzeko moduan. Gastuetan dirua beste modu batera ere kudeatu edo banatu zitekeela uste dugu”, adierazi zuten jeltzaleek. Rosa Elizburu alkatearen esanetan, “Aurrera egiteko behar dugun justuagaz osatu ditugu aurrekontuak, gastu handi edo arraroetan sartu gabe”.
Sarrerak eta gastuak 1.628.323 eurotan orekatu dituzte. Inbertsioen atalak 192.000 euro ditu. Atal horretatik 45.000 euro errepideko bigarren autobus geltokia egiteko erabiliko dute. Elorriotik Durangorako berria badago dagoeneko errepide ondoan, baina Durangotik Elorriorako berria ere errepidearen ondo-ondoan egin gura dute. Horrela autobusak ez luke errepidetik irten beharko. Gaur egun, herri barrurantz sartu eta gaztetxe alboan geratzen da. Markesinarik ez lukete erosi beharko, badutelako bat aurretik erosita eta gordeta. Beste 40.000 euro Arrazolako etxebizitzetako (aparkaleku ondokoak) fatxadan agertu den umedadea konpontzeko erabiliko dituzte. Batez ere aparkaleku aldera ematen duen fatxadan agertu ei da hezetasuna.
20.000 euroko beste inbertsio bat Urkuzuko baserriari dagokio. Udalak kultur etxea egitea aurreikusita du eraikin hartan, baina orain ezin daiteke inbertsio handi horretan sartu: “Legegintzaldi honetan, behinik behin, ez dugu proiektu hori hasiko”. Horren ordez, 20.000 euroekin eraikineko gune bat egokitu eta udal tresneria eta ibilgailuak bertan gordeko dituzte. Horrela, gaur egun beste toki batean ordaintzen duten alokairua aurreztuko dute urterik urtera.
Igerilekuan agertu diren zuloak konpontzeko beste 20.000 euro bideratu dituzte. Udaletxeko brigadako langileak badabiltza dagoeneko baldosak altxatu eta agertu diren zuloak estaltzen. Azkenik, 40.000 euro hirigintza plan orokorra berrikusteko erabiliko dituzte. Azken asmo horretarako Bizkaiko Foru Aldunditik diru-laguntza eskatuko dute.
Diru-sarrerei dagokionez aurten Udalkutxatik jasoko duten diru kopurua gutxitu egingo da. Iaz 956.482 euro jaso zituzten eta aurten 889.096 euro hartuko dituzte. Horrek aurrekontuen osaketa “baldintzatu” egiten duela adierazi zuen Elizburuk “diru sarrerarik potenteena delako”. Zerga zuzenen atalean, aldiz, diru gehiago jasoko dute aurten. Jarduera ekonomikoen zergan 87.074 euro gehiago ingresatuko dituzte: guztira, 184.295 euro. Elizburu alkatearen esanetan, udal teknikarien azterketa baten arabera Fuchosa eta Femosa enpresek ez zituzten ordaindu beharreko zerga denak ordaintzen eta horiek udalak abiatutako espediente teknikoan jaso dituzte. Udal teknikariek herriko enpresa denetan horrelako azterketak egingo dituztela aurreratu zuen alkateak.
Azkenik, EAJko zinegotzi Jose Antonio Igarzak Durangaldeko Amankomunazgoari zor zaion diru kopurua aurrekontuetan ez jasotzea salatu zuen. Udal idazkariak argitu zuenez aurrekontuak dagokion urteko bertako sarrera eta gastuen balantzea dira. Azaldu zuenez Amankomunazgoari zor zaiona 2012 eta 2011ko aurrekontuetan ordaindu gabeko moduan agertzen dira eta ordaintzen joan ahala aurrekontu horietan jasoko dira. Amankomuzgoagaz duten zorra ordaintzen 2014an amaituko duela adierazi zuen alkateak.