Marixurrikeri esleitu diote herriko aisialdi programaren ardura datozen urte bietarako. Ohiko eskaintzari 12 urtetik gorakoen taldea gehitu dio aisialdi taldeak.
Ludoteka kudeatzeko eta herriko aisialdi programa diseinatzeko ardura Marixurrike aisialdi taldeari esleitu dio udalak datozen urte bietarako. Aisialdi taldeak 12 urtera arteko gaztetxoekin lan egiten zuen aurten arte: 3-6 eta 6-12 urte arteko talde banarekin. Aurrrerantzean 12 urtetik gorakoen talde berria sortu dute. Talde berri horretarako 18 gaztetxok eman dute izena dagoeneko (Abadiñokoak eta Elorriokoak tartean). Hileko bigarren eta laugarren asteburuetan gaztetxean batzartzen dira eta ekainaren amaieran izango diren herriko jai nagusietarako ekintzak lantzen dabiltza azken asteetan. Futbito txapelketa bat egiteko asmoa dute eta baita umorezko antzezlan bat ere, besteak beste.
Gazteria arloko aisialdiaren arduragaz batera, Marixurrikek ludoteka kudeatuko du eta udaleku finkoak eta irekiak eskainiko ditu urtero legez. Horregaz batera, urtero herrian garatzen diren askotariko ekintzetan parte hartuko dute, kulturarteko jaialdian, esaterako.
Bestalde, Marixurrikek sortu zeneko seigarren urteurrena ospatuko du apirilaren 27an eta egun horretarako ekintzak prestatzen ere badabil aisialdi taldea.