Urteetan Jubilatuen Taberna herriko jubilatuen elkarteak kudeatu duen arren, ardura hori lehiaketa publikora atera gura du Gobernu Taldeak. EAJren ustez "elkartze-sarearen eta jubilatuen kontrako erasoa" da Bilduren "alde bateko" erabaki hori. "Guztiz bidegabea" deritze jeltzaleek.
Atxondoko EAJren ustez "oinarrizko lan bat" egin du urteotan nagusien elkarteak. Era berean, elkarteak zenbait ekintza antolatzeko diru-sarrera izan da. "Egia da gaur egunera arte ez zegoela idatzizko kontratu bat taberna eroan izan duen pertsonarekin; eta pertsona horrek ez du bere egoera legeztatu urte guztiotan". Nagusien elkartearen etorkizunak "asko arduratzen" du EAJ: " Izan be, jubilatuek euren diru-sarreren %50 galduko dituzte. Gainera, ordainetan hurrengo udal aurrekontuan eskaintzen zaienak era garrantzitsuan murrituzko ditu euron diru-sarrerak".
Herrian bazkide gehien dituen elkartea "kaltetzeko" eta "gertukoagoa diren beste batzuren onurarako" Bilduren "estrategia" ez izatea espero du EAJk. "Horrela balitz, alderdi horren interesek eta euron gestio alderdikoiak arduratuko gintuzke". Hartutako erabakia berriro aztertzea eskatu dio EAJk Bilduri, "Atxondon betidanik egon den elkartze-sareren eta Nagusien Elkarteak Atxondon egiten duen lanaren hobebeharrez".
Gobernu taldea: "Jubilatuen elkartea ados dago erabakiagaz"
Rosa Elizburu alkateak dio jubilatuen elkartea konforme agertu dela hartu duten erabakiarekin: “Eurekin hiru-lau batzar egin ditugu eta gure proposamenagaz ados agertu dira”.
Orain 20 urteko udabaltzar batean tabernaren kudeaketa jubilatuen elkartearen esku uztea erabaki zuten. Orain 13 urte, “jubilatuen elkarteko ordezkaria eta orduko alkate Jose Antonio Igarza (EAJ) batu eta ahoz erabaki zuten tabernaren esleipena nori egin” azaldu du Elizburuk. Ahoz bakarrik egindako akordioa zenez, pertsona hori kontratu barik aritu da harrezkero. Orain, krisiaren ondorioz, ordainketei ezin die aurre egin eta utzi egin du. Erabaki hori jakinarazi zuenean, gobernu taldea (Bildu) jubilatuen elkarteko ordezkariekin batu zen eta “udalaren esku utzi zuten erabakia, gure mahai gainean utzi zuten gaia”. Orduan, gobernu taldeak erabaki bat hartu behar izan zuen: taberna zabalik mantendu edo itxi. “Irekita mantentzeko ahalegina egitea erabaki genuen. Herrian taberna bat edo komertzio bat iztea ez dela onuragarria uste dugu”.
Gauzak horrela, baldintza orri berri bat osatu eta lehiaketara atera zuten. Asteon amaitu da proposamenak aurkezteko epea eta, asmoa, esleipena ere aste honetan bertan egitea da. Alde batetik, gobernu taldeak, langile berriaren egoera erregularizatu egingo du kontratu bategaz. Bestetik, tabernaren kudeaketa bideragarriagoa izan dadin erabaki batzuk hartu dituzte: argindarra, ura eta asegurua, esaterako, udalak ordainduko ditu aurrerantzean. Ordainetan, kudeaketaren ardura udalak hartuko duenez, alokairuko dirua, jubilatuen elkarteak barik udalak jasoko du (2.530 euro urtean): “Gure proposamena jubilatuen elkarteari adierazi genien eta eurak ados agertu ziren eta aurrera jarraitzeko esan ziguten. Prozesu honetan guztian, hiru-lau batzar egin ditugu eurekin”, dio Elizburuk.