Gobernu taldeko (Bildu) bost zinegotziren aldeko botoekin hasierako onespena jaso zuen plan orokorrak atzoko udalbatzarrean. EAJk kontra bozkatu zuen.
Badira lau urte Hiri-antolamendurako Plan Orokor berria lantzen hasi zirela. Denbora honetan guztiean herritarren iritziak jasotzeko hainbat herri batzar egin dira. Harrezkero plana trazatu, alegazioak jaso eta palan berridatzi egin dute. Prozesu luze horretako azken aurreko urratsa eman zuten atzoko udalbatzarrean planari hasierako onarpena emanda. Bilduko bost zinegotzik alde bozkatu zuten eta EAJko hirurek aurka. Orain alegazioen epea hasiko da; alegazioak baloratu eta erantzun ostean behin betiko onespena emango diote udalbatzarrean.
Plan berriak ez du datozen urteetarako hazkunde handirik aurreikusten. Legeak ezartzen dituen parametroetan, gutxiengo hazkundea proposatu dute bai industriguneei dagokionez eta bai etxebizitza kantitateari dagokionez: “Uste dugu gaur egungo egoera ekonomikoa ez dela hazkundea handi baterako testuinguru aproposa. Espekulazioari kontra egiteko modua ere bada”, azladu du Rosa Elizburu alkateak.
Etxebizitzen arloan, Markoida ingurua zonalde eraikigarri moduan izendatuko dute. Estimazioa baten arabera, 110 bat etxebizitza eraikitzeko modua dago zonalde hartan. Industriguneari dagokionez, gaur egungo Artiakoaren parean eta errepidearen beste aldean, aurreikusi diote hazkunderako lur eremua. Hasiera batean Fuchosa eta Cemosa enpresen ondoko lur zatia zuten aurreikusita helburu horretarako, baina modu horretara industriguneak zatituta geratzen ziren eta Artia parera eramanda eremu berean bateratu gura dituzte. Gune hartan biirbilgune bat egitea ere aurreikusita dago, industrigunerako sarrera-irteerak errazteko.
Planak etorkizunean kiroldegia eta ortu ludikoak egiteko guneak ere zehazten ditu. Kiroldegia Itziar tabernaren atzealdeko lur zatian joango litzateke. Kiroldegi horretan pilotalekua ere egingo balitz, udaletxe ondoan gaur egungo pilotalekuak hartzen due eremua libre geratuko litzateke plaza handitzeko, etxebizitzak egiteko eta beste helburu batzuetarako. Ortu ludikoak igerileku ondoan egin gura dituzte. Orain hiru bat urte egindako herri galdeketan 39 lagunek erakutsi zuten interesa. Beraz, “proiektu horregaz aurrera jarraitzeko asmoa dugu”, dio Elizburuk.
EAJk kontra bozkatu du
EAJko hiru zinegotziek planaren kontra bozkatu zuten. Jose Antonio Igarza jeltzalearen ustez “kirodelgia egiteko aurreikusi den kokapena ez dugu uste egokiena denik. Gainera, Markoidako etxebizitzen kasuan, “etxeak Lasuenek eraiki ditzan aurreikusi duzue zonalde hori, beste batzuei eraikitzeko aukera kenduz”. Rosa Elizburu alkatearen esanetan argudio horrek “ez du ez hankarik eta ez bururik”: “Markoida inguruko lur zati handi bat Lasuenen jabetzakoa da. Baina horrek ez du esan gura etxebizitza denak Lasuenek egin ahalko dituenik. Industrigunea handitzeko egingo diren desjabetzeetan, jabe horiei dirua barik Markoida inguruan eraikitzeko eskubidea emango zaie. Udalak ere lur zati bat izango du Markoidan. Beraz, Lasuenek etxebizitza batzuk eraiki ahalko ditu, baina ez denak, beste hainbat lurjabe ere egongo direlako”.