Atxondoko Nekazaritza eta Artisautza Azokak 16. aldia egingo du domeka honetan. Goizeko 10:00etan hasi eta eguerdira arte, 40 bat postutan banatutako produktuak ikusi eta erosteko aukera egongo da Apatan. Postuak udaletxe pareko plazan, Autonomia kalean zein pilotalekuan atonduko dituzte.
Euskal Herriko hainbat herritatik etorriko dira artisautza eta nekazaritza munduko ekoizleak euren produktuak erakustera; tartean, Atxondoko hiruzpalau postu egongo dira, baserriko ortuarien, ogigintzaren edo pastelgintzaren arlokoak, besteak beste.
Horrez gainera, goizean zehar, Lumagorri markako oilaskoak erreko ditu udalak, eta ondoren, horiekin prestatutako pintxoak egongo dira salgai.