Igerilekurako sarreraren prezioa bakarrik igoko dute

Anboto 2012ko urr. 24a, 09:14

2013ko ordenantza fiskalak onartu dituzte udalbatzarrean. Igerilekuko sarreraren prezioari eragiten dion tasa baino ez da igoko. Gainerako zerga eta tasa berean mantenduko dituzte. Ondasun Higiezinen Zerga kobratzerakoan egindako akatsa ere datorren urteko kobraketan zuzenduko dute. Igoeraren ehuneko ehuna bueltatzea erabaki dute

2013ko ordenantza fiskalak onartu dituzte udalbatzarrean. Igerilekuko sarreraren prezioari eragiten dion tasa baino ez da igoko. Gainerako zerga eta tasa berean mantenduko dituzte. Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) kobratzerakoan egindako akatsa ere datorren urteko kobraketan zuzenduko dute. Igoeraren ehuneko ehuna bueltatzea erabaki dute.


Astelehen arratsaldean egindako udalbatzarrean 2013ko ordenantza fiskalak onartu zituzten Atxondon. Gobernu Taldearen (Bildu) aldeko botoekin onartu ziren. EAJk kontra bozkatu zuen. “Edukiagaz ados gaude, baina formekin ez”, adierazi zuten EAJko zinegotziek.


Krisi sasoian, egoera ez dagoela zergak eta tasak igotzeko moduan adierazi zuen Rosa Elizburu alkateak eta horregatik erabaki dutela zerga eta tasa ia denak izoztea. Igerilekuko sarreraren prezioan eragiten duen tasa da  salbuespena. KPIaren (Kontsumorako Prezioen Indizea) araberako igoera aplikatuko da kasu horretan: %2,4. Elizbururen arabera, “erabaki hori hartu dugu zerbitzu horretatik jasotzen dugun diruaren eta gero mantenuan gastatzen dugunaren artean alde handia dagoelako”.


OHZaren igoera osoa bueltatuko dute


Ondasun Higiezinen Zergaren aurtengo kobraketan egindako akatsaren zergaitiak azaldu eta dirua zelan bueltatuko duten ere zehaztu zuten udalbatzarrean. 2013ko ordenantza fiskaletan jaso dutenez, igoeraren ehuneko ehuna bueltatuko diete. 2011ra arte %0,70a zen OHZaren zerga, eta 2013ko kobraketaren ondoren, aurten eta 2013an igoera horixe bera bakarrik aplikatu baliete lez geratuko dira. Udalaren akatsak eragindako kalteagatik erabaki dute igoera osoa bueltatzea.


Akatsetatik ikasteko konpromisoa hartu eta berau zergatik gertatu zen azaldu zuten. 2011era arte %0,70a zen aplikatzen zen igoera. Iaz zerga %1,2an ezartzea erabaki zuten. Igoera hori hutsik dauden etxebizitzetako jabeei zuzenduta zegoen eta mota horretako bizilekuak errentan jartzea bultzatu gura zuten. Norbait bizi zen etxebizitzetako jabeei igoera horren erdia itzuli nahi zieten hobari baten bidez. Modu horretan, norbait bizi den etxebizitzeko zerga %0,95ean geratuko zen.


Kontua da Bizkaiko Foru Aldundiko Arau Foralak ez dituela kontenplatzen modu horretako hobariak. Udalak aukera hori ordenantzan jasotzeko aukera zegoela uste zuen, baina ez zen posible. Ondorioz, Aldundiak %1,2ko igoera aplikatu zuen kasu denetan. Herritarrak udalera kexaka joan zirenean konturatu ziren udal ordezkariak gertatu zenaz.


Epeei dagokionez, Elizburu alkateak argitu zuenez, “hainbat aukera aztertu dugu, baina ez dago dirua lehenago eta beste era batera itzultzeko modurik”. Hobari orokor bat sortzea oso konplikatua litzatekeela dio, eta beste arau batzuekin kontraesanean egon daitekeela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!