Goizetik iluntzera arte musika saioak, dantza ikastaroak eta janari eta artisautza postuak egongo dira plaza inguruan Kulturarteko II. Jaialdian.
Zapatuan Kulturarteko II. Jaialdia ospatuko dute Apatan. Herrian batzen diren askotariko kulturen erakuslehio izan gura du ekimenak eta, iaz legez, ekitaldi sorta antolatu dute horretarako.
Goizetik eguerdira artisautza eta janari postuak ipiniko dituzte Euskalerrria kalean. Janari postuei dagokionez, nazioarteko (Maroko, Senegal eta Alemaniakoak), estatu mailako (Extremadura, esaterako) eta Euskal Herriko produktu eta platerak dastatzeko aukera egongo da. Aurten, nobedade moduan, plaza inguruan gune bat atonduko dute, bertan bazkaldu gura duenarentzat.
Goizean zehar herritar denen artean mandala bat egiteko asmoa ere badute. Mandala oihal bat da, pieza edo sinbolo txikiagoekin osatua. Aditu batek irudiaren soslaia marraztuko d. u eta kolore askotako pinturak eskuragarri egongo dira denen artean pintatu eta mandala egiteko.
Goizean, 11:30ean, gaztetxoei zuzendutako ginkana prestatu dute plazan. Ginkana horretan askotariko kulturetan oinarritutako jokoak egingo dituzte. Eguerdian, 13:30 inguruan, Senegalgo M’Lomp taldearen perkusio doinuek eta dantzek hartuko dute plaza ingurua.
Bazkalostean, abuztura arte ludoteka zegoen pareko parkean jarraituko dute ekimenek. Bertan atondutako karpara hurreratzen direnei kafea eta tea banatuko diete. Lehenengo, 16:00 inguruan, Soraluzeko talde batek Portugalgo fado ezagunak abestuko ditu. Ondoren, 18:30ean, aditu batek europako dantzen inguruko ikastaroa eskainiko du.
Afrikari buruzko filma eguaztenean
Kulturarteko jaialdiaren harira, beste ekimen bana antolatu dute eguazten honetan eta datorren astelehenean. Gaur, atxondar batek Afrikari buruzko hitzaldia eskainiko du Gaztetxean, 18:30ean. Datorren astelehenean, toki eta ordu berean, Binta y la gran idea izeneko dokumentala eskainiko dute.