Lau eraikinetan banatuta zeuden ikasleak gune berean batuko ditu.
Atxondoko lehen hezkuntzako ikastetxe berriak astelehenean irekiko ditu ateak lehenengoz. Horrela, orain arte hainbat eraikinetan sakanatuta zeuden 70 ikasleak gune berean batuko ditu azpiegitura berriak.
Orain arte, ikasleak lau eraikinetan banatuta zeuden; edo eraikin aurrefabrikatuan, edo etxebizitza blokeen lokaletan, edo ikastetxeko eraikin zaharrean ikasten zuten. Jantokia, berriz, laugarren eraikin batean zuten. Ikastetxe berriak sakabanaketekin amaituko du, ikasgelak, jantokia zein gimnasioa eraikin berean batzen dituelako. Oinarrizko abantaila horri, eraikin berriak eskaintzen dituen argitasuna eta espazio zabala gehitu dizkio Amaia Cuesta zuzendariak: “Ikasgelak oso argitsuak dira, lehio handiekin. Alde handia dago iaz arteko eraikin aurrefabrikatuekin alderatuta. Ikasgelak handiagoak ere badira. Iaz gela batzuetan estu sartzen ziren; orain espazio zabala dute”.
Liburutegia nobedade
Eraikin berriko gela batek zerbitzu berria eskainiko du: Liburutegia. Iaz arte gelarik gela sakabanatuta zeuden liburuak eta materiala liburutegian batuko dituzte aurrerantzean.
Uztailean gurasoei begirako jaialdia egin zuten ikastetxean eta bertaratu ziren gurasoek azpiegitura berriak bisitatzeko aukera izan zuten. “Oso pozik geratu ziren ikusitakoagaz”, gogoratu du Cuestak. Harrituta geratu ei ziren barruan zenbat espazio zegoen ikusita. Orduan gelak utzik zeuden. Astelehenean altzariz eta ikaslez jantzita egongo dira.