Rosa Elizburu alkatea lanaldi erdiz liberatzearen eta kobratuko duen soldataren gaineko EAJren kritikei erantzun die Bilduk: “Bilduk erakunde guztietan jarraitzen duen irizpidea jarraitu du; liberatu aurretik beraien lanean irabazten zutena irabazten dute gure kargu publikoek”.
Bilduk prentsa ohar bidez adierazi duenez “kargu publiko batean egoteagatik aberastea onartzen ez dugun era berean, ezin dugu onartu lehen baino gutxiago irabaztea”. Liberazioaren gaiaren kasuan “demagogia” gehiegi erabiltzen dela uste dute. “Guk lotsa barik azaltzen dugu zenbat eta zergatik kobratzen dugun; EAJko kargu guztiek gauza bera egingo balute, ordea, harritu egingo litzateke bat baino gehiago”.
Asteleheneko udalbatzarrean, liberazioaren bozketan, EAJko zinegotzi bik liberazioaren alde bozkatu zutela gogoratu dute: “Aldeko bozka eman eta gero aurka agertzeak ez du itxura ona ematen. EAJren irizpide gabezia eta hutsaren hurrengoaren pareko koordinazioa erakusten du horrek”.
EAJk udalaren zorra 900.000 eurokoa zela gogoratu zuen bere idatzian. Bilduk adierazi duenez, “orain bost urte ANV udaletxera heldu zenean, udal denek dirua barra-barra zutenean, Atxondoko udalak harrezkero 450.000 euroko zorra zeukan”. Harrezkero zorra gehitu dela onartu dute, baina azken bi-hiru urteetan ANVko eta Bilduko gobernu taldeek egindako kudeaketagaz “zor hori gutxitzen joan da eta udalaren egoera ekonomikoa bideratuta dago, beste herrietako udal gehienak okerrera egiten ari diren bitartean”.
Azkenik, liberazioaren beharra berretsi dute: “Ezinbestekoa da udaletxean norbait egotea, ardura handiak hartuta herriak behar dituen egitasmoak aurrera ateratzen laguntzeko. EAJren kritika demagogikoei jaramonik egin barik lanean jarraituko dugu”.