Osasun zentroak udalaren esku jarraituz gero, garesti

Anboto 2012ko uzt. 5a, 09:20

Osakidetza eta obren egilea ez dira ados ipintzen; udalari 16.000 euro kostatzen zaio mantentzea

Osakidetza eta obren egilea ez dira ados ipintzen; udalari 16.000 euro kostatzen zaio mantentzea.

 

Udalak Jaurlaritzaren Osasun sailari utziko dio Atxondoko osasun zentro berriaren kudeaketa. Horrela, mantenu kostuez libratuko litzateke, urtero 16.000 euro inguruko kostua duena: argia, gasa, garbiketa… Baina Osasun sailak eta obrak burutu zituen enpresak desadostasun burokratikoak dituztenez, osasun zentroaren lagapena atzeratzen ari da.

 

Juanjo Nora alkateordeak badu esperantza: “Epe laburrean arazo horiek amaitzea eta lagapena egitea itxaroten dugu”. Obrak egin zituen enpresak hasieran zuen aurrekontua ez dator bat lanen osteko egiaztapen agirietan dakarren diru kopuruagaz. Aurreikusitakoa baino gutxiago balio izan dute lanek. Osasun saila zer gertatu den aztertzen dabil.

 

Osasun zentro berria maiatzean zabaldu zuten. Lanek 135.000 euroko kostua izan zuten eta Jaurlaritzak bere gain hartu zituen. Obra-proiektua udalak egin zuen eta Osasun sailak lanak ikuskatu zituen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!