Teilen eta egituraren artean material iragazgaitza ipintzen ari dira.
Udaletxeko teilatuan hainbat eraberritze lan egiten hasi ziren joan zen astean. Zehazki mota biko konponketak egingo dituzte: teilatu bazterra eraberrituko dute eta teilen eta egitura orokorraren artean material iragazgaitza ipiniko dute.
Orain hile pare bat teilatu ertzeko zati bat erori egin zen udaletxeko balkoira. Gertaerak horrek eta udalbatzarrean sortu den itogin batek kezkatuta, udal ordezkariek teilatuaren egoeraren azterketa bat agindu zuten. Azterketa horrek azaleratu duenez eraikinak ez du material iragazgaitzik teilen eta egitura orokorraren artean. Ondorioz, urteak joan ahala egitura zati batzuk ahulduz joan dira eta horrek eragin du zati bat apurtu eta balkoira jausi izana.
Udalak 30.000 euro inguruko diru atala bideratu du konponketa lanak egiteko. Teilarik ez dute aldatuko, egitura orokorrari material iragazgaitza gehituko diote. Lanak hile birako esleitu dituzte, baina lehenago amaitzea itxaroten dute. Juanjo Nora alkateordearen berbetan, “ulertzen ez duguna da zergatik ez zen materile mota hori ipini orain 25 urte eraikina goitik behera eraberritu zenean”.