Aurrekontuan inbertsio minimoak, "delikatua" delako Udalaren egoera

Anboto 2012ko mai. 24a, 08:45

Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioagaz onartu dituzte aurrekontuak

Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioagaz onartu dituzte aurrekontuak.

 

Asteleheneko udalbatzarrean 2012ko aurrekontuak onartu zituzten Gobernu Taldearen botoekin. EAJ abstenitu egin zen, “argitasun falta” argudiatuta. Ia 1,7 milioi eurokoa da zenbateko osoa.

 

Juanjo Nora alkateordeak onartu duenez, Udalaren egoera “delikatua” da, eta, ondorioz, “gaur egungo egoera ekonomiko orokorrera eta Atxondoko errealitate ekonomikora egokitzen diren aurrekontuak osatu ditugu”. Aurtengo ahalegin nagusiak azpiegituren eta zerbitzuen mantenura bideratuko dituzte. Ondorioz, inbertsioak minimoak izango dira: 171.000 euro. Horietatik 129.000 euro iazko kontabilitate akats bat parekatzeko erabiliko dituzte; 40.000 Hiri Antolamenduko Plan Orokorarren idazketarako eta 2.000 euro liburutegirako liburuak erosteko.

 

Udalak zorrak ditu eta zordunak ere bai. Durangaldeko Amankomunazgoari “hainbat” kuota zor dizkietela onartu du Norak: “Iazko urrira arteko faktura guztiak ordaindu ditugu. Lehentasun moduan enpresa txikiak eta hornitzaileak hartu ditugu. Apurka Amankomunazgoari ordaintzen ere ari gara”.

 

Zordunen kasuan, 900.000 jaso behar ditu Udalak hainbat bidetatik. Esaterako, Barraskiko etxebizitzak egiten ari den enpresak 305.000 euro zor dizkie. Enpresak esan zienez Bancajak emango die abala: “Asteon bertan Bankiako ordezkariekin [Bancaja hor barruan dago] berba egin dut eta abala emango dietela baieztatu didate”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!