Abal-emailea aurkitu duela esan dio Norvisak Udalari

Anboto 2012ko mai. 6a, 08:09

Barraskiko etxebizitzen proiektua berriro martxan egon daiteke laster

Barraskiko etxebizitzen proiektua berriro martxan egon daiteke laster.

 

Barraski zonaldean etxebizitzak egiteko proiektua geldiarazi egin zuen Udalak 2010ean, Norvisa enpresa sustatzaileak ordainketak egiteari utzi ziolako. Guztira, Norvisak Udalari zor dion diru kopurua 305.000 eurokoa da, eremua berriro partzelatzeko eta urbanizatzeko. Zorrek sortutako egoera, desblokeatu egin daiteke orain. Konfiantzarako tarte hori agertu du Juanjo Nora alkateordeak. “Dirua utziko dieten abal-emailea badutela esan digute”. Zehazki, Bancaja bankua da abal-emailea.

 

Noraren esanetan, “negoziazioak bide honetik doaz eta, orain eta hemen, proiektua aurrera joango dela ematen du”. Udalak proiektuak aurrera egitea gura du, “Norvisari dirua aurreratu dioten norbanakoak daudelako eta horiek ere kezkatzen gaituztelako; baita enpresaren inguruan mugitzen diren gremioek ere”.

 

Barraski eremuan bost eraikin eta 52 etxebizitza egiteko proiektua dago. Horietako eraikin bi egiten hasi ziren sustatzaileak eta oso aurreratuta zeudenean agindu zuen Udalak geratzeko.

 

Arratoiak obretan

Agenda 21ari zegokion batzarretako batean, herritarrek erdi eginda dauden etxebizitzetan arratoiak zebiltzala adierazi zuten. Alkateordeak dioenez, “sortu daitekezkeen osasungarritasun arazoek asko kezkatzen gaituzte, baina eremu hartako erantzukizuna Norvisarena da”. Dena den, lasaitasun mezua zabaldu du: “Sarritan egon gara obretan eta ez dugu osasun egoera arriskuan ipintzeko egoerarik somatu”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!