Auzolanean konponduko dute Axperako errepidea

Anboto 2012ko api. 18a, 08:26

Ostiralean, 15:00etan, ipini dute hitzordua Apatako plazan

Ostiralean, 15:00etan, ipini dute hitzordua Apatako plazan.

 

Udalean hainbat kexa jaso dituzte aspaldian Axperako errepidearen egoera kaskarra dela-eta. Arazo horri auzolanaren bidez eman gura diote irtenbidea eta apirilaren 20ko barikurako ipini dute hitzordua Apatako plazan. Asmoa errepideko zuloak asfaltoz estaltzea da eta, jende nahikoa batzen bada, bide bazterrak sasi-garbitzeko makinagaz garbitzea eta ubideak konpontzea. Errepideko zuloak konpontzeko asfaltoz betetako atoa eta eskuzko arrabola ipiniko ditu udalak. Lehenengo errepidearen alde bateko lanak egingo dituzte eta ondoren bestekoak; lanek dirauten bitartean, errepidearen alde hori itxita egongo da.


Berez, errepideak Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena dira, baina orain dela urte batzutatik hona udalarena da errepide zati horretako eskuduntza eta udalari dagokio mantenimendu lana.


Auzolana berpiztu gura dute


Krisia dela-eta udala “ez dago orain horrelako lan denak beren gai hartzeko moduan, beste lehentasun batzuk ditu”, adierazi du Beñat Amiano zinegotziak; horregatik sasoi batean hain ohikoa zen auzolana berpizten saiatuko dira. Asmoa auzolana gainerako auzoetara zabaltzea da: umeendako parkeak garbitzeko, bidegorrian sortu daitezkeen lur jauziak zein bestelako arazoak konpontzeko… “Axperako errepideagaz hastea erabaki dugu, kexak egon direlako eta beharrizanik handiena hantxe dagoelako”.


Asteleheneko udalbatzarrean EAJk ohartarazi zuen “dudak” zituela Udaleko aseguruak “mota horretako lanetan gerta daitezkeen ezbeharrak bere gain hartzen dituen edo ez”. Gobernu Taldeak adierazi zuenez, “aseguruko klausulak aztertuko ditugu eta arazorik egon daitekela ikusten badugu, egun horretarako asegurua gehituko diogu”.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!