“Errekurtsoen optimizazioa” argudiatuta eta aste honetan bertan hasita, astelehenetan itxita egongo da BBKren bulegoa. Asteazkenetan eta ostiraletan zabalduko dute.
Astean hiru egunetik bira murriztu dute Atxondoko BBKren zerbitzua. Orain arte, astelehen, asteazken eta ostiraletan eskaintzen zuten kudeaketak aurrez aurre egiteko aukera. Aste honetatik aurrera, astelehenetan itxita egongo da. Gainerako egun bietako ordutegia, berriz, honako hau izango da: 08:30etik 14:15era.
BBKko ordezkari batek jakinarazi zion udalari murrizketaren berri. “Arrazoi ekonomikoak eta errekurtsoen optimizazioa” adierazi zituzten argudio moduan Juanjo Nora alkateordearen esanetan: “Hainbat kudeaketa internet bidez (www.bbk.es) egin daitezkeela diote eta gainerako gestioak egiteko astean egun bi nahikoak direla. Gainera, Durango edo Elorrioko bulegoetara ere joan daitekeela diote”.
Gobernu taldea ez dago erabakiagaz ados, ezta EAJ alderdia ere. Atzoko udalbatzarrean Jose Antonio Igarza jeltzaleak adierazi zuenez “Udalaren izenean kexa ofiziala” idatzi beharko litzateke. Nora alkateordearen esanetan “badakite ez gaudela konforme, jakinarazi diegulako dagoeneko, baina erabaki enpresariala denez ezin dugu ezer egin”. Besteak beste, neurriak kudeaketak bulegoan bertan egitera ohituta dauden edadeko jendeari eragingo diola adierazi zuten, “edo ez dutelako internetarako sarbiderik edo edukita ere ez dakitelako erabiltzen” Beste hainbat herritan ere antzerako neurrriak hartu dituztela azaldu zuten.