Asteburuan apurtutako biekin, guztira zazpi dira hilabetean ezezagun batzuek herrian apurtu dituzten kale argiak. Atxondoko alkateorde Juanjo Norak kezkatuta daudela onartu du: "Nik dakidala aurretik ez delako antzerakorik gertatu".
Era berean, herritarrei dei egin die horrelako “ekintza bandalikorik” ikusiz gero Ertzaintzari edo udal arduradunei abisua emateko. Izan ere, kale argi horiek etxebizitzetatik hamar bat metrora daude, oso gertu, “baina oraingoz inork ez digu jakinarazi ezer entzun edo ikusi zuenik”.
Aurreko bostak elizaren eta eskolen artekoak izan baziren, oraingoan, eskola berriko lanen eta hilerrirako bidearen arteko bi dira apurtu dituztenak. Kale argi horiek plastikozkoak ziren eta ez beirazkoak, aurrekoak bezala; bat harrika zulatu zuten eta bestea, apurtzeaz gainera, zintzilik utzi zuten. Atzera ipini dute argia bietan, udal arduradunek bonbilak aldatu ostean.
Bestalde, aste honetan asfaltatze lan batzuk ere burutu dituzte Apatan. Hain zuzen, ikastetxetik hilerrira doan bide zatian eta ikastetxe inguruko zonalde batean bota zuten asfaltoa martitzenean.