Gaztetxeko espazioaren harira batzarra egin dute; ekainera arte talde batek entseatuko du.
Atxondoko gaztetxeko musika lokala dela-eta, batzar berezia egin dute gazteek, barne arauak berrikusi eta hurrengo hilabeteetarako ordutegiak zehazteko asmoz. Gaurtik aurrera, lokala erabiltzeko lehentasuna edukitzeko, taldean gutxienez herriko musikari bat aritu beharko da.
Gaztetxeko kide batek azaldu duenez, erabakia ez dago %100 gaztetxeko asanbladaren esku. Asanbladako kide batek parte hartu zuen batzarrean, eta gainerako taldeekin batera adostu zituzten proposamenak.
“Momentu honetan talde bakarra dago lokalean, eta izan daiteke besteren bat etortzea ere, baina beti lehentasuna herrikoak edukita”. Orain arte, lau musika taldek jardun dute, eta ekainera arte batek segituko du. Udan beste talde bat sartuko ei da, gutxienez. Ordutegiak eta musika-ekipoaren gaineko arauak ere adostu dituzte.
Ekintzekin jarraituz
Horretaz aparte, gaztetxean zenbait ekitaldi programatu dituzte datozen egunetarako. Gaur, 22:00etan, Incomodos antzezlana eskainiko du Pez Kao taldeak, eta martxoaren 24rako irteera antolatu dute sagardotegira. Atzo, martxoaren 8ko ekintzetan ere parte hartu zuten gazteek.