Datorren udalbatzarrean diru kontuen gainean egingo dute berba. Bestalde, EAJk lan batzorde bi batzea proposatu du, baina Bilduko zinegotziak kontra bozkatu dute.
"Aurreko gobernu taldeak guri eskatu zigun bezala, guk ere eskatu gura dugu pasa diren lau urtetako auditoria", azaldu du Jose Antonio Igarzak. EAJk udaleko diru kontuen auditoria eskatu du aste honetako udalbatzarrean, eta 2012ko lehen plenoan udalaren diru kontuei buruz berba egitekotan geratu dira.
Udabatzarrera, auditoriaren gaiaz gain, Hirigintza batzordea eta Ingurumen batzordea batzeko proposamena eroan du EAJk. Bi batzordeak "oso lotuta" daudela eta lantzen diren gaiak "eten barik gurutzatzen" direla adierazi du Gaizka Uriarte zinegotziak. AHTren gaia aipatu dute bereziki. Batzordeak batzea, gainera, udalaren aurrekontuetarako ondo etorriko litzatekeela argudiatu dute mozioko testuan.
Rosa Elizburu alkateak azaldu du batzorde biek "gai asko" dituztela momentu honetan: "hilean behin elkartu eta gai denak batzorde bakarrean lantzea larregi dela uste dugu". Bilduk, beraz, proposamenaren kontra bozkatu du.