XV. Nekazal Azoka domekan ospatuko dute

Anboto 2011ko abe. 2a, 09:58

Durangaldeko eta inguruetako 25 ekoizle gerturatuko dira urteroko hitzordura

Durangaldeko eta inguruetako 25 ekoizle gerturatuko dira urteroko hitzordura

 

Ortuko produktuak, ogia, gazta, eztia, baserriko tresnak... mota askotako produktuak egongo dira salgai aurten ere Atxondoko nekazal azokan. Hamabosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta domekan, abenduaren 4an, egingo dute Apatako frontoiaren inguruetan.

\"\"

Azoka 09:30 aldera hasiko dute, eta eguerdira arte egongo dira postuak. Frontoi barruan, goizean zehar, pala eta pilota partidak jokatuko dituzte, eta horrez gain, saiheskia ipiniko dute gerturatzen direnek dastatzeko.
Durangaldeko eta inguruetako ekoizleak batzen dira Atxondoko azokan. Asteon bertan amaitu dute parte-hartzaileen zerrenda, eta 25 postu egongo direla azaldu dute Ane Bernas eta Mikel Cano zinegotziek. BBK-k lagunduta ipintzen dituzte postuak, eta aurten murrizketa egon dela adierazi dute; iaz 35 ekoizle etorri ziren, eta aurten % 25 inguruko murrizketa egongo da.

 

Murrizketak murrizketa, ekoizle batzuei ezetz esan behar izan diete udal arduradunek. Hala ere, produktuen barietatea zaindu gura izan dutela azaldu dute: “Ahalik eta parekatuena izatea gura izan dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!