Batez ere, Elorrio aldetik datozen kamioiak saihesbidetik igarotzeko seinaleak jarriko dituzte
Duela urtebete zabaldu zuten kamioiak Fuchosara herri erditik ez pasatzeko saihesbidea, baina oraindik kamioi batzuk herri barrura sartzen dira. Hori dela-eta, seinale berriak eskatu ditu Atxondoko Udalak, batez ere, Elorrio aldetik datozen kamioiek saihesbidea erabili dezaten.
Saihesbidearen bidez, kamioiek Fuchosarako joan-etorria bertatik egitea gura zuen udalak. Horregatik, kamioien arazoagatik eta herri barruko trafikoa lasaitzeko, Euskal Herria kalearen noranzkoa aldatu zuten. Hala ere, kamioiak lantzean behin Euskal Herria kalean gora sartu guran ibiltzen dira.
Agenda 21eko azken batzarrean landu dute gaia, eta udal arduradunek seinale berrien zain daudela adierazi dute. Herritarrek Agenda 21eko foroan azaldu dutenez, hainbat kamioi ikusi dituzte herrian galduta, eta horietako batzuk Arrazolaraino ere helduizan dira.
Elorriotik datozenentzat
Durango aldetik Atxondora datozen auto eta kamioiek saihesbidea argiago ikusten dute, eta arazoa, batez ere, Elorrio aldetik datozen kamioiena dela ondorioztatu dute udal arduradunek. Seinaleak eskatuta dauzkate, eta ondorengo egunetan heltzea itxaroten dute.