Irubideko biribilgunea eta ortu ludikoak atontzeko Hirigintza Plana onartu arte itxaron beharko da.
Agenda 21eko foroan udalak ikasturte honetarako proposamenak aurkeztu ditu. Iaz martxan jarri ez ziren asmoetatik, auzo-foroenari berriro heltzeko asmoa agertu dute, auzoek udalean “izan behar duten pisua” edukitzeko.
Urtebete eta gero, Agenda 21eko foroen dinamika hartu dute berriro Atxondon, eta azken batzarrean herritarrek egindako galdera eta zalantzei erantzun diete. Besteak beste, Barraskiko obren egoera aipatu dute foroan. Enpresa sustatzaileak udalari 325.000 euro zor dizkio, eta obrak geldituta daude hori dela-eta. Lur azpiko garajeetan ura batu dela-eta, higiene arazoengatik kezka agertu du hainbat herritarrek. Udal arduradunek azaldu dutenez, ez dute alarmarako arrazoirik ikusi, baina egoera zaindu eta neurriak hartuko dituzte. Bestalde, ordainketa burutzeko negoziazioetan jarraitzen dutela adierazi dute.
Udalaren urteko asmoen artean, udal igerilekuak konpontzea eta HAPN Hiri Antolamendurako Plan Nagusia onartzea daude. Plana onartu arte itxaron beharko da, besteak beste, Irubideko biribilgunea eta ortu ludikoak atontzeko. Hurrengo batzarra abenduan egingo dute, herritarren proposamenak jasotzeko.