KPIaren igoera aintzat hartuta, tasak % 3 igotzea proposatu dute Atxondoko udalbatzan. Zaborraren zerga eta igerilekuetako prezioak izango dira salbuespena.
Zabor bilketaren tasa % 5 igoko dute etxebizitzen kasuan, eta fabrikei ere tasa igotzea proposatu dute, tamainaren arabera, progresiboki, % 20raino. Igoeraren arrazoia azaltzerakoan, Juan Jose Nora alkateordeak esan du zaborretan batzen dena Amankomunazgoari ordaintzen zaiona baino gutxiago dela.
Amankomunazgoagaz 23.500 euroko zorra dauka udalak.
Igerilekuen prezioak % 15 eta % 18 bitartean igotzea proposatu dute. Azaldu dutenez, "denbora askoan" egon dira prezioak igo barik, eta, gainera, orain gastua edukiko dute, apurtuta daudelako. Rosa Elizburu alkateak dioenez, batez ere kanpoko herritarrentzako prezioak igo dituzte: "Inguruko herrietan kanpotarrentzako prezioak hemen baino garestiagoak dira".