Urriaren 8rako egun osoko egitaraua antolatu dute: merkatua, jana, dantzak, jolasak, musika...
Herriko hainbat elkarteren elkarlanagaz kulturarteko eguna antolatu dute Atxondon urriaren 8rako. Egun osoko egitaraua egongo da zapatu horretan; merkatua, janari dastaketa, musika, munduko jolasak... Aste bitartean ere munduko kulturen gaineko hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Marixurrike elkartearen ekimena izan zen hasieran kulturarteko eguna ospatzea, eta herriko hainbat elkarte eta norbanako batu dira antolaketa lanetara.
Urriaren 4an hasiko dira jarduerak. Ludotekan, 17:00etatik 20:00etara, ehungailu mayagaz txapelak egiteko tailerra dute. Eguaztenean, urriaren 5ean, Babies izeneko dokumentala eskainiko dute; 17:00etan Ludotekan umeentzat, eta 19:00etan Gaztetxean adin guztietakoentzat. Eguenean munduan zehar bizikletaz egindako bidaia kontatuko dute 1.000 mila hitzaldian Urdin Ugartek eta Izaro Martinezek, 19:00etan Gaztetxean.
Urriaren 8ko jaia
Zapatuan, kulturarteko dantzak, merkatua, eta janari zein edari dastaketa izango dira, besteak beste. Goizean bakearen jaima eta munduko jolasen txokoa ipiniko dituzte, eta eguerdian munduko hainbat herritako erroak dituen folka eskainiko du Ulannah taldeak. Arratsaldean munduko dantzen tailerra edukiko dute, eta zapatuko egitarauagaz amaitzeko Atxikistan 11 salto gehiago antzerkia eskainiko dute umeentzat.