Udalbatzak alkateordearen liberazioa eta EAJko zinegotziaren dimisioa onartu ditu asteon.
Arrazoi pertsonalak” direla-eta, Migel Angel Buruagak zinegotzi kargua utzi du, Atxondoko Udalean hamabi urte egin eta gero. Azaldu duenez, herri mailan “alderdi barruko zatiketeten gaineko zurrumurruak” egon dira hauteskunde kanpainan eta ostean, eta “kaltea egin dutela argi ikusi zen hauteskundeetan”. Buruagak duela hile bi erabaki zuen dimisioa aurkeztea.
Asteleheneko udalbatzarrean hiru zinegotzi jeltzaleetatik Jose Luis Espiau baino ez zen egon, inbestidura saiotik hartu barik zeukan kargua hartzeko. Espiauk, baina, aste honetan bertan dimititzeko asmoa azaldu zuen. Adierazi duenez, zerrendan "EAJri laguntzeko" aurkeztu zen, independiente moduan, baina bere ustez ez da “zinegotzi izateko pertsonarik egokiena”. Atxondoko EAJk bi zinegotzi horien ordezkoak prestatu beharko ditu.
Alkateordea liberatuta
Rosa Elizburu alkateak "lanpostuaren berezitasunengatik" udaleko beharren eguneroko jarraipena egiteko arazoak dituela eta, Juanjo Nora alkateordea liberatzea onartu du udabatzak. Lanaldi osoan egongo da beharrean, urtean 35.000 euro gordin kobratuta. Soldata Eudelek Atxondorako proposatzen duenaren % 90 izango da.