DVDan dago eskuragai. Plenotik pasatu behar da, eta gero Aldundiak emango luke azken onarpena.
Urte hasieran aurrerapen dokumentua aurkeztu zutenetik, hainbat ekarpen jaso ditu Atxondoko Hiri Antolamendurako Plan Nagusiak. Herria datozen urteetan zelan garatuko den zehazten duen txostenak hainbat aldaketa izan ditu, eta udalak DVD baten ipini du plana, herritarren eskura.
Udal arduradunek azaldu dute aldaketak ez direla “nabarmen-nabarmenak” izan. Etxebizitza arloan, esaterako, Markoidan eraikitzeko diren etxebizitza kopurua handitu egin dute, 90etik 100 baino gehiagora. Etxeen % 60 babes ofizialekoak lirateke.
Industriarako bost hektarea inguru birkalifikatuko lituzkete Artia eta Cemosa artean, Durangotik etortzerakoan eskuma aldean geratzen den lursailean. Polikiroldegia hasieran adostutako lekuan joango litzateke, Itziar taberna eta Anboto kalearen artean.
Udazkenean, plenora
Udalbatzak udazkenean onartu beharko du plana. Ondoren, hile biko alegazio epea egongo da, eta alegazioei erantzun eta gero Foru Aldundira bidaliko dute plana, behin betirako onartzeko.