Astelehenean hasi ziren udalekuak, eta uztailaren 22an amaituko dira.
Guztira, 230 gaztek eta 35 begiralek parte hartuko dute aurtengo udalekuetan. Learreta-Markina ikastetxean eta Gaztelekuan antolatuko dituzte udalekuetako ekitaldiak; hiru urtegaz hasi eta 16 urtera arteko gazteek eurei egokitutako ekintzak izango dituzte.
Haur Hezkuntzakoek animalia motak ezagutzeko ekintzetan parte hartuko dute. Lehen Hezkuntzakoek, berriz, ohiko tailer eta jokoez aparte Markinako txorroetara irteera, Lekeitioko itsasargia ezagutzeko bidaia eta Gorlizen Surf ikastaroan parte hartzeko aukera izango dute.
35 gazte Gaztelekuan
Gaztelekuan lehenengoz antolatu dute udaleku irekia, eta erantzuna “oso ona” izan da; DBHko 35 gaztek eman dute izena. Esperientzien artean, Zarautzen surf egiteko ikastaroa, Mundakan gaubela bi egitea eta saiheski jana prestatzea izango dituzte.