Kostaldeko herria emango du bihar Atxondok. Sanpedroak aurrera doaz, eta biharko Gazte Eguna mozorro eguna izango da: ‘hondartza’ aukeratu dute gai moduan. Atxondoko Gaztiok taldeak antolatu ditu biharko ekitaldiak.Sortu berri den taldea da berau, eta, taldeko kideek azaldu dutenez, euren asmoa “gazteek modu kolektiboan herrian parte hartzea” da.
Eguerdiko 13:00etan Gaztetxetik poteoa abiatuko dute, eta eguerdian herri osoarentzat paella jana egongo da frontoian. Bazkaritarako 120 pertsona inguru elkartzea itxaroten dute.
Arratsaldean, 18:30ean, Motxallaband elektrotxarangarekin ibiliko dira poteoan, eta gauean musikaren txanda izango da. Gaztetxean Gazte Itzala, Zarraparra eta Gozo-gozo taldeek joko dute, eta plazan erromeria egingo dute. Gauerdian suak eta errepresaliatu politikoen aldeko kalejira izango dituzte.