Orain arteko lan batzordeekin jarraituko dute Atxondoko Udalean

Anboto 2011ko eka. 21a, 09:18

Batzordeetako kideak zehaztu dituzte atzo, astelehena, egindako plenoan. Orain arteko bost batzordeekin egingo dute lan. Batzordeek herritarrei irekiak izaten jarraituko dute eta talde bakoitzean Bilduko ordezkari bi eta EAJko ordezkari bat egongo da. Osoko bilkurak hileko hirugarren astelehenetan egingo dituzte, 19:00etan.

Batzordeetako kideak zehaztu dituzte atzo, astelehena, egindako plenoan. Orain arteko bost batzordeekin jarraituko dute. Herritarrei irekiak izaten jarraituko dute eta batzorde bakoitzean Bilduko ordezkari bi eta EAJko ordezkari bat egongo da. Osoko bilkurak hileko hirugarren astelehenetan egingo dituzte, 19:00etan.

Legegintzaldi berriko udalaren jardunagaz hasteko, lan batzordeak eratu ditu Atxondoko Udalak. Duela lau urte sortu ziren batzordeekin jarraitzea erabaki dute, eta alderdi bakoitzetik zer kidek parte hartuko duen zehaztu dute. Batzordeak irekiak izaten jarraituko dute, eta gura duen edonor hurreratu daiteke euretara. Hauek dira batzordeak eta euren kide diren zinegotziak:

- Ogasuna, diru kontuak eta langileak:  Juanjo Nora, Rosa Elizburu eta Migel Angel Buruaga

- Hirigintza eta herri-lanak: Juanjo Nora, Beñat Amiano eta Jose Luis Espiau

- Gazteria, kultura, hezkuntza, kirola eta aisialdia: Ane Bernas, Mikel Cano eta Jose Antonio Igarza

- Ongizatea, sozioekonomia eta berdintasuna: Uxuri Gallastegi, Rosa Elizburu eta Migel Angel Buruaga

- Ingurumena: Beñat Amiano, Mikel Cano eta Jose Antonio Igarza

Alkateordeako Uxuri Gallastegi eta Juanjo Nora izatea ere onartu dute udalbatzan. Oraindik ez dute batzordeetarako egunik zehaztu, baina alkateak adierazi duenez, "gutxienez hilabeteteko maiztasunagaz" egin gura dituzte. EAJko kideek batzordeak binaka egitea proposatu dute.

Osoko bilkurak noiz egingo dituzten erabaki dute; hileko hirugarren astelehenetan, 19:00etan.

Alkatearen lana

Rosa Elizburu Atxondoko alkateak azaldu du alkatetza jarduna bere irakasle lanbideagaz uzartuko duela. Goizetan udaletxean ordu batzutan egongo da, eta gero arratsaldez 17:30etik aurrera ere bertan ibiliko da. Elizburu Haur Hezkuntzako goi mailako zikloko irakaslea da.

Alkatetzara heldu eta pixkanaka "erantzukizunei neurria hartzen" dabilela azaldu du Elizburuk. Emakumeen arloan lan egiteko premia nabarmendu du, eta bere kezketako bat gazteriaren egoera dela adierazi du: "krisiaren aurrean euren garapen pertsonalerako bideak falta zaizkie askori". Udalaren egoera ekonomikoa hain ona ez dela eta "energiak beste balore batzuetan" ipini beharko dituzte Elizbururen ustez: "gauza handiak egiteko aukera asko ez dugu edukiko. Herritarren partaidetza, elkarrekin behar egite hori... bultzatu beharko dugu". Auzoetan auzo kontseiluen antzeko organoak beharko liratekeela uste du alkate berriak, "auzoetan dauzkaten beharrizanak udalari helarazoteko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!