Aisialdirako ortuen egitasmoa azaltzeko batzarra deitu du Atxondoko Udalak; hogeitik gora herritar gerturatu dira oraingoz baratzeei buruz galdezka.
Urkiola Landa Garapenaren ekimen bati jarraituta, Atxondon igerilekuen alboko lur sail baten ortu ludikoak ipintzeko asmoa dauka udalak. Martxoan interesatuta zenbat herritar zeuden jakiteko aurreiskripzio lako bat egin zuen udalak, eta David Cobos alkateak azaldu duenez, hogei pertsona baino gehiago gerturatu zen galdezka. Herrian sortu den interesa ikusita informazioa emateko batzarra deitu du udalak gaurko, 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
Egitasmoaren helburua partzeletan banatutako lursailetan herritarrek ortuak garatzeko aukera edukitzea da, beti ere, nekazaritza ekologikoaren bidetik. Eskualdeko hainbat herritarrek egin dute bat Urkiola Landa Garapenaren proiektuagaz, eta
Iurretan dagoeneko martxan daude ortuak. Gaurko batzarrean ortuen erabileraren gaineko argibideak emango dituzte, Iurretako jarduera adibide hartuta.