Jaurlaritzari eskolako lanekin jarraitzeko eskatuko dio udalak

Anboto 2011ko api. 8a, 09:05

\'Lursaila udalarena dela egiaztatzen duten dokumentuak\' aurkeztu dituzte

\"Lursaila udalarena dela egiaztatzen duten dokumentuak\" aurkeztu dituzte. Eskola eraikitzen hasi diren lursaila udalarena dela esaten duten dokumentuak aurkeztu dituzte asteon udal arduradunek Jaurlaritzan. David Cobos alkateak azaldu duenez, \"Hezkuntza Sailetik dokumentazioa ondo dagoela\" esan diete. Horiek horrela, \"obretako baimena legala dela demostratu\" dela dio Cobosek. Datorren astean lanekin jarraitzeko eskari formala egingo dio udalak Jaurlaritzari. Eskolako beharrekin jarraitzeko, Jaurlaritzak lurren gaineko zalantzak argitzea eskatu zuen joan zen astean; udalari jabetza berea dela demostratzeko edo auzokideekin akordio batera heltzeko eskatu zion. Auzokideek eta udalak oraindik ez dute akordiorik lortu. Barikuan jarrerak argitzeko batzartu ziren, eta asteon abokatuak hartu-emanetan egon dira. Alkateak azaldu du lurren jabetzaren dokumentazioa aurkeztu badute ere, auzokideekin berba egiten jarraitzeko asmoa dutela udal arduradunek: \"ez da beharrezkoa izango, baina horrek ez du esan gura akordioa lortzea hobe ez denik\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!