Auzokideek eta udalak, bakoitzak bere jarrera agertu du

Anboto 2011ko api. 4a, 10:28

Eskola eraikitzen hasi diren lursailen gainean proposamen bana eman diote elkarri, eta abokatuak harremanetan egongo dira asteon. Lanak jarraitzeko Hezkuntza Sailak lurren gaineko zalantzak argitzeko eskatu die

Eskola eraikitzen hasi diren lursailen gainean proposamen bana eman diote elkarri, eta abokatuak harremanetan egongo dira asteon. Lanak jarraitzeko Hezkuntza Sailak lurren gaineko zalantzak argitzeko eskatu die. Pasa den barikuan batzartu ziren udal ordezkariak Euskalerria kaleko auzokideekin eskolako lursailen gainean berba egiteko. Eskolako gurasoak ere izan ziren batzar horretan, eta eskolako beharrak hasita dauden lurren gaineko posturak argitzea zen batzarraren helburua. Auzokideek diotenez, otsailean eskolako beharrak hasi zituzten lursaila auzokideen kooperatibarena da. Horregatik, udalarekin permuta bat egitea proposatzen dute, eta lursail hori birkalifikatzea. Orain egiten dabiltzan lana metro eta erdi atzeratzea ere eskatu dute, legeak esaten duena baino gertuago hasi direlako. Azken neurri hori onartu egin du Eusko Jaurlaritzak, eta proiektuak barneratu du aldaketa. Udalaren aldetik, berriz, auzokideei Hezkuntza Sailaren proiektuan ageri den jabetza banaketa errespetatzeko eskatu die, eta eskola eta etxearen arteko lurrak urbanizatzeko konpromisoa hartu dute. Alde bakoitzak bere jarrera azalduta, asteon proposamenak aztertu eta abokatuak harremanetan ipintzekotan geratu ziren barikuko batzarrean. Beste batzarren bat beharrez gero, eguaztenean batuko dira berriro udal ordezkariak eta Euskalerria kaleko 12 auzokideak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!