Kooperatibako etxeen bizilagunek obrak geratzeko eskaria egin dute, obren lursailak etxebizitzen kooperatibakoak direla azalduta.
Kooperatibako etxeen bizilagunek obrak geratzeko eskaria egin dute, obren lursailak etxebizitzen kooperatibakoak direla azalduta.
Duela hilabete hasi zituzten eskola handitzeko beharrak. Ordutik hainbat eskari egin dizkiote eskola alboko bizilagunek udalari. Tartean, obrak metro eta erdi mugitzeko eskaria egin dute. Bizilagunen argudioa zera izan da: kooperatibako lurretatik legeak esaten duena baino gertuago hasi dituztela obrak. Martxoaren hasieran, baina, beste eskaera bat egin dute udalera. Azken honetan eskolako beharrak gelditzeko eskatu dute, lur horiek kooperatibarenak direla eta lanen lizentzia ematerakoan lege hauste bat dagoela esan dute eskariagaz.
Eskolako guraso, irakasle eta kooperatibako bizilagunez bete zen pleno aretoa eguen arratsaldez. 60 lagun inguru gerturatu ziren udaletxera, udalbatzak eskolako beharrak gelditzea ala ez, zer erabakiko zuen jakiteko. Obren lizentzia udalak eman duenez, berak hartu behar izan du erabakia, eta obrekin jarraitzea erabaki du udabatzak.
David Cobos alkateak azaldu zuen 2007an aurreko udal korporazioak Eusko Jaurlaritzari eskola egiteko lursailak eman zizkiola. Informeei dagokionez, ez duela ezer legez kanpokorik ikusten azaldu zuen, eta \"udaleko teknikoak lizentzia emateko arazorik ikusi ez\" zuela nabarmendu du. Bizilagunekin berba egiteko prest agertu da alkatea, eta adierazi zuen \"Eusko Jaurlaritza metro batzuk atzeratzeko prest egon daitekeela\".
Auzokideek lursailen trukaketa akordio baten ziurtagiria ere eskatu zuten, baina orduko alkate Jose Antonio Igarzak argitu zuen permuta hori ahozko akordioa izan zela.
EAJren iritzia
Oposizioko alderdiak \"hainbat irregulartasun\" izan direla nabarmendu eta udalak emandako lizentzia \"ilegala\" izan zela esan zuen. Eskolako beharrak geratzearen kontra azaldu ziren zinegotzi jeltzaleak, baina Gobernu Taldearen idatziko botaketan abstenitu egin ziren. Beste idatzi bat aurkeztu zuten, baldintza batzugaz: \"lurren permuta sinatzea, kalteordaina emanda, eta obraren mugak 5 metroa atzeratzea\".
Kokapena dela eta
Eskolaren kokapenaren gainean bi azterketa egin zituen bere garaian Eusko Jaurlaritzak, bata futbito zelaiaren goiko aldean, eta bestea behean. Eusko Jaurlaritza eskolaren proiektua lantzen hasi zenean, beheko proiektuaren alde egin zuten. Cobosek azaldu zuenez, duela hiru urte \"auzokideen kezka ikusita\" udalak batzarrak egin zituen auzokideekin eta eskolako guraso eta ikasleekin. Azkenean \"guraso, irakasle, arkitektoek eta Eusko Jaurlaritzak beheko proiektuaren alde egin zuten\". Momentu honetan kokapena aldatzea ezinezkoa dela azaldu du alkateak.