Epaileak dio ez zela akatsik egin Anbotopek lokala uzteko aginduan

Anboto 2011ko ots. 23a, 16:37

Anbotopek errekurritu egingo du sententzia, eta udala kaleratze-agindua eman dezakeen aztertzen hasi da.

Anbotopek errekurritu egingo du sententzia, eta udala kaleratze-agindua eman dezakeen aztertzen hasi da. Udalaren eta Anbotope elkarte gastronomikoaren arteko bigarren epaiketaren sententzia irten da astelehen honetan. Duela urte bi pasatxo Atxondoko Udalak Anbotoperi lokala uzteko agindua emateko idatzian akatsik ez zela egon ebatzi du epaileak bere epaian. David Cobos alkateak, udalaren izenean, momentu honetan kaleratze-agindua emateko moduan dauden aztertzen dabiltzala adierazi du: \"Urte bi baino gehiagoan gabiltza aurrera eta atzera, eta azkenean denbora eta dirua galdu dugu\". Anbotope elkarteko Eloi Isasik azaldu du elkartekideak epaia errekurritu eta \"ahaleginetan jarraitzeko asmoa\" dakatela.

Bigarren epaiketa

Arrazolako eskola zaharraren arrendamendu kontratu finko barik egon da Anbotope 1996tik. Ordutik, urteroko kuota ordaindu dute. Behin kontratua iraungita, jabeak erabakitzen du kontratua noiz amaitzen den, eta 2008an udalak kontratua etetea erabaki zuen. Anbotopek ez zuen Arrazolako eskola zaharra utzi, eta idatzian akatsak zeudela-eta administrazioagazko helegitea aurkeztu zuen. Auzi horren sententzia da asteon irten dena. Elkarteak lokala utzi ez zuenez, udalak kaleratze demanda jarri zuen, eta horretan ere epaileak arrazoia eman zion ekainean. Anbotopek errekurritu egin zuen eta oraindino ez dago erantzunik.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!