Iaz baino milioi bat euro gutxiagogaz eta \"austeritatez\" ekingo dio urteari, David Cobos alkateak azaldu duenez.
Gobernu taldearen aldeko botoekin eta EAJk kontra bozkatuta onartu dituzte, eguazten honetan, 2011ko aurrekontuak. Atxondoko Udalak 1.441.880 euroko aurrekontua izango du. Iaz baino milioi bat euro gutxiagogaz eta \"austeritatez\" ekingo dio urteari, David Cobos alkateak azaldu duenez.
Hasita dauden beharrak amaitu eta zorrak ordaintzen hasteko urtea izango da aurtengoa Atxondon. Izan ere, 100.000 euro baino gehiago zorrak ordaintzeko direla azaldu du Cobosek: \"Aurreko urteetan udalak inbertsio handiak egin ditu, eta beti esan dugu zorpetzeko aukera zegoela\".
Inbertsiotarako 112.000 euro utzi ditu udalak. Zati handiena, 100.000 euro, Hiri Antolamendurako Plan Nagusia ordaintzeko izango da.
Talde eta elkarteentzako diru-laguntzak mantendu egin dituzte, eta udaleko langileen soldatak ere bai, laster, dekretuz, funtzionarioen soldata jaitsiera aplikatu beharko badute ere.
EAJk kontra bozkatu du
Aurrekontuen kontra bozkatu aurretik, Migel Angel Buruagak EAJren iritzia eman du. Murrizketak \"sinestezinak\" direla eta \"egoera lazgarri horretara zelan heldu diren jakiteko\" aditu bati azterketa eskatzea gustatuko litzaiekeela azaldu du.