Eskola handitzeko lehen pausoak ematen hasi dira

Anboto 2011ko ots. 3a, 09:47

Beharretarako materiala futbito zelaira eramaten hasi dira. 18 hile iraungo dute beharrek eta tarte horretan ikasleek frontoira joan beharko dute jolasorduan

Kamioien sarbideagaz hasi dituzte asteon eskola handitzeko beharrak. Futbito zelaia hesiz inguratu dute eta apurka-apurka obrako materiala bertara eramaten dabiltza. 18 hilabeteko exekuzio epea daukate lanok, eta 2012-2013 ikasturterako 1.580 metro karratuko eraikina prest izango dute. Obraren arduradunek azaldu dutenez, datorren astean hasiko dira eraikin berria egiteko lurra mugitzen. Txin-txaunak dauden lursailean egingo dute eraikina. Lanek irauten duten artean, futbito zelai albotik sartuko dira kamioiak, eta zelaian bertan egongo da obretarako materiala. Hori dela eta, umeek frontoira jo beharko dute jolas-orduan. Eraikin berriak hiru solairu izango ditu, eta bertan eskolako jantokia, 180 metro karratu baino gehiagoko gimnasioa, aldagelak, liburutegia, ikasgelak eta erabilera anitzetarako gelak ipiniko dituzte. Gaur egungo eraikinean, besteak beste, haur hezkuntzako gelak geratuko lirateke. Geroago eta ikasle gehiago dagoela eta txiki geratzen dabil eskola. Ikasturte honetan 79 ikasle daude.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!